
Etika
Bioetikaren printzipioak
GSRko Etika batzordeak, batzorde aholku-emaileak, diziplina anitzeko eta independenteak, erabiltzaileen, senideen eta arreta-langileen zerbitzura dagoenak, bioetikaren Printzipioak hartzen ditu, besteak beste, zenbait azturen gaineko hausnarketarako eta izan daitezkeen gatazka etikoen irtenbiderako gida gisa.
Autonomia printzipioa
Autonomia da pertsonaren gaitasuna edota eskubidea bere kabuz aukeratzeko norbere jokabidearen arauak, ekintzen norabidea eta erakundezko testuinguru baten baitan bere gain hartuko dituen arriskuak. Berekin dakar gizakiaren gaitasuna bere burua arauez hornitzeko, kanpo-edo barne- presioen eraginik gabe, eta erantzukizunez erabakitzeko norbere ekintzen gainean, beharrezko duen laguntza funtzionalaren premia alde batera utzita.
Autonomiaren printzipioak aginduzko izaera du, eta, arau gisa, errespetatu egin behar da; haztatu behar da pertsonek mugatuta dutenean.
GSRn ateratzen diren pertsonek eskubidea dute askatasunez erabakitzeko, beren baimen informatua emateko eta aktiboki parte hartzeko euren tratamenduari eta zaintzari dagozkien erabakiak hartzeko orduan.

Kalterik ez egitearen printzipioa

Kalterik ez egitearen printzipioak jasotzen du besteak nahita mintzeko edo kaltetzeko ekintzak ez egiteko betebeharra.
Berekin dakar ekintza batetik erator daitezkeen arazoak edo gaitzak aurreikusteko gaitasunaren garapena. Printzipio honen azterketa eta ongintzarena eskutik doaz, onura kalteari gailen dakion.
Kalterik ez egitearen printzipioak honako hauek dakartza:
- Etengabeko informazio teoriko eta praktiko zehatz eta eguneratua izatea, lanbidea garatzeko.
- Jardunbide eta prozedura egokiak definitzea, daudenak hobetzeko.
- Aurrera egitea pertsonarengan ardazturiko prozeduren garapena sustatzeko eta alferrikako tratamenduak ekiditeko gaitasuna izango duten sostengu moduetan.
Kalterik ez egitearen printzipioak konfidentzialtasuna eskatzen du pertsonaren pribatutasunari eragiten dion informazioari dagokionez, alegia, haren balio, bizi historia, ohitura, harreman sozial eta ezagutzei dagokienez. Pertsona bakoitza bakarra da, eta hala errespetatu behar da.
Ongintzaren printzipioa
Ongintzaren printzipioak jasotzen du bestearen mesederako jokatzeko betebeharra, haren interes legitimoakerrespetatuta eta sustatuta eta edozein min edo kalte ekidinda.
Berekin dakar, besteren gainetik, erabiltzailearen ongizatea bilatzeko betebeharra. Printzipio honen arabera, profesionalak bere jardunean maila guztietan bilatu behar ditu hartzailearen ongizatea eta bizi-kalitatea: Osasuna eta ongizate pertsonal eta fisikoa, ongizate emozionala, garapen soziala eta espirituala.

Justiziaren printzipioa

Justiziaren printzipioaren arabera, zuzentasunak arautu behar du gure zentro eta zerbitzuetako eguneroko bizimodua. Berekin dakar diskriminazio-mota oro ekiditeko eta pertsona bakoitza dagokion bezala tratatzeko betebeharra, desberdintasun (ideologiko, sozial,kultural, ekonomiko etab.) egoerak murrizteko. Ondorioz, erabiltzaileak ez dira diskriminatuko sexua, arraza, kolorea, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoak eta beste direla-eta, hala nola jatorri nazional edo sozialagatik, gutxiengo nazional batekoa izateagatik, ahalmen ekonomikoagatik, jaiotzagatik edo beste edozein arrazoirengatik.
Justiziaren printzipioa ez da nahastu behar tratu homogeneoarekin, izan ere, erabiltzaile bakoitzari begirako arretak pertsonalizatua izan behar du, haren behar eta aukera propioak aintzat hartuta. Denek izan behar dituzte aukera berak gure zentroetan, baina erabiltzaile bakoitza modu bereiztuan artatu behar da.